miércoles, 7 de noviembre de 2012

Unibertsitate Gida Praktikoaren arabera masifikaziorik gutxien duten unibertsitateen artean jarraitzen dute euskal unibertsitateak




Naiara ZURINAGA

Urtero bezala, espainiar estatuko 76 unibertsitateei buruzko informazioa ematen duen gida eguneratu du EROSKI CONSUMER enpresak. Azterketa honen arabera, Euskal Herrian kokatzen dira masifikazio gutxien duten unibertsitateak, irakasleko 8,9 ikasleko batez bestekoarekin, estatu mailan zenbateko hori 12,4koa izanik.

            Euskal Herriko bost unibertsitateek, EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Europako esparruan egokitutako 200 gradutik gora eskaintzen dituzte.
Hala ere, euskal unibertsitateen artean badaude aldeak. EROSKI CONSUMERek egindako azterketaren arabera, EHUk eta Nafarroako Unibertsitateak daukate ikerkuntza jardunik oparoena, izan ere, 2011n euskal unibertsitateetan defendatu diren 572 doktore-tesietatik 503 bi hauetan egin dira.

            Ikerketaren emaitzek adierazi dutenez, administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, EHUk berak eta Mondragonek, unibertsitate-sistema osoko apalena jasotzen dute, irakasle bakoitzeko 0,2 eta 0,3ko kopuruekin urrenez urren.

Egun, teknologia berriak oso garrantzitsuak diren aldetik, ordenagailuen hornikuntza ere azterketaren baitan hartu du EROSKI CONSUMER enpresak.  Kasu honetan hobeto hornituta dauden goi mailako hezkuntza zentroak Deustu eta Mondragon unibertsitateak dira, hiru ikasleko ordenagailu batekin.

Ikerketaren arabera, asko dira unibertsitate ikasketak amaitu ondoren hezkuntza osatzea erabakitzen duten ikasleak. Estatuan, 2.564 master ofizial eskaintzen dituzte 76 unibertsitateek. EROSKI CONSUMERen arabera, master ofizialen alorrean eskaintza oso zabala dago Euskal Herriko unibertsitateetan. EHUn 100 master inguru eskaintzen dira, Deustun eta Nafarroako Unibertsitatean 30, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 20 inguru eta Mondragonen 10.

EROSKI CONSUMERek presente izan du egungo egoera ekonomikoa ere, horregatik lehen urtearen kostuen bataz bestekoak argitaratu ditu. Unibertsitate batetik bestera, matrikula eta ikasturteko gastuak ordaintzerako orduan alde nahikotxo dagoela  azalduz. 

Kosturik merkeena daukan unibertsitatea EHU dela esango genuke, lehen urteko gastuaren bataz bestekoa 980€ izanik. EHUri jarraiki Nafarroako Unibertsitate Publikoa daukagu 1.049€tako ordainketarekin. Gainontzeko unibertsitateek ordea alde nabarmena ateratzen die unibertsitate hauei.  Mondragonen, lehen urteak 4.960€tako gastua suposatzen du bataz bestez, Deustuk  6.535€takoa etaNafarroako Unibertsitateak 8.244€takoa.


martes, 6 de noviembre de 2012

EROSKI CONSUMERek argitaratu duenez, Euskal Herriko unibertsitateek masifikaziorik gutxien dutenen artean jarraitzen dute


Maialen ZUAZUBISKAR


Euskal Herriko unibertsitateek masifikaziorik gutxien duten unibertsitateen artean jarraitzen dute EROSKI CONSUMERek  urtero legez argitaratu duen gidan ageri denez. Estatuan masifikazioren (irakasle bakoitzari zenbat ikasle dagozkion) bataz bestekoa, 12.4koa da eta Euskal Herriko Unibertsitatean berriz 7.9koa. Deustuko eta Mondragon Unibertsitateei dagokienez 7.2ko eta 7.8ko puntuaketa hurrenez hurren. Nafarroako Unibertsitateei dagokienez, publikoak 8.5 puntuko ratioa dauka eta pribatuak 13koa.

Unibertsitateen Gida Praktikoa urtero eguneratzen den txosten bat da, EROSKI CONSUMERek osatua, gida hau www.universidades.consumer.es helbidean dago eskuragarri; beraiek datuak bildu eta hauek eguneratzea dute helburu. Gida honetan hainbat datu ageri dira: eskaintzen diren titulazio eta master ofizialak, matrikularen prezioa, gutxiengo nota, leku kopurua, irakasle taldea, ordenagailu aukera … Gainera, gida honetan unibertsitateen ezaugarriak ere ikusi ahalko dira.  

Ordenagailuen hornikuntzari dagokionez, EROSKI CONSUMERek egindako gidan ageri denez,  atal honetan unibertsitate pribatuek dute puntuaketarik onena. Hiru ikasleko ordenagailu bana eskaintzen dute Deustu eta Mondragon Unibertsitate pribatuek. Gainontzeko unibertsitateetan berriz, Euskal Herriko Unibertsitatean, Nafarroako Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan 9 eta 12 ikaslerentzako ordenagailu bana dute. Gainera, ikasle kopuruari dagokionez, EHU da ikasle gehien dituen unibertsitatea eta gutxien dituena Mondragon unibertsitatea.

Bestalde, EHUk dauka master ofizialetan eskaintzarik hoberena; 100 master ofizial eskaintzen baititu. Beste unibertsitateek ez dituzte hainbeste master eskaintzen; Deustuko eta Nafarroako Unibertsitateek 30 master inguru eskaintzen dituzte, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Mondragon Unibertsitateak 20 eta 10 hurrenez hurren.

Unibertsitateek bakarka koordinatzen dituzten masterrei dagokienez,  Espainiar Estatuan 2.564 master eskaintzen dira 76 unibertsitate ezberdinetan; bataz beste, unibertsitate publikoan 1.750 euro balioz. Unibertsitate-eskaintzarik handiena Kataluniako, Madrileko eta Andaluziako unibertsitateek dute; lehenengoetan 500 titulu baino gehiago eskaintzen dira eta azkenengoan berriz, 350. Aldiz, master ofizial gutxien eskaintzen dituzten unibertsitateak Gaztela Mantxako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatea dira.