miércoles, 7 de noviembre de 2012

Unibertsitate Gida Praktikoaren arabera masifikaziorik gutxien duten unibertsitateen artean jarraitzen dute euskal unibertsitateak




Naiara ZURINAGA

Urtero bezala, espainiar estatuko 76 unibertsitateei buruzko informazioa ematen duen gida eguneratu du EROSKI CONSUMER enpresak. Azterketa honen arabera, Euskal Herrian kokatzen dira masifikazio gutxien duten unibertsitateak, irakasleko 8,9 ikasleko batez bestekoarekin, estatu mailan zenbateko hori 12,4koa izanik.

            Euskal Herriko bost unibertsitateek, EHUk, Mondragon Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Europako esparruan egokitutako 200 gradutik gora eskaintzen dituzte.
Hala ere, euskal unibertsitateen artean badaude aldeak. EROSKI CONSUMERek egindako azterketaren arabera, EHUk eta Nafarroako Unibertsitateak daukate ikerkuntza jardunik oparoena, izan ere, 2011n euskal unibertsitateetan defendatu diren 572 doktore-tesietatik 503 bi hauetan egin dira.

            Ikerketaren emaitzek adierazi dutenez, administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, EHUk berak eta Mondragonek, unibertsitate-sistema osoko apalena jasotzen dute, irakasle bakoitzeko 0,2 eta 0,3ko kopuruekin urrenez urren.

Egun, teknologia berriak oso garrantzitsuak diren aldetik, ordenagailuen hornikuntza ere azterketaren baitan hartu du EROSKI CONSUMER enpresak.  Kasu honetan hobeto hornituta dauden goi mailako hezkuntza zentroak Deustu eta Mondragon unibertsitateak dira, hiru ikasleko ordenagailu batekin.

Ikerketaren arabera, asko dira unibertsitate ikasketak amaitu ondoren hezkuntza osatzea erabakitzen duten ikasleak. Estatuan, 2.564 master ofizial eskaintzen dituzte 76 unibertsitateek. EROSKI CONSUMERen arabera, master ofizialen alorrean eskaintza oso zabala dago Euskal Herriko unibertsitateetan. EHUn 100 master inguru eskaintzen dira, Deustun eta Nafarroako Unibertsitatean 30, Nafarroako Unibertsitate Publikoan 20 inguru eta Mondragonen 10.

EROSKI CONSUMERek presente izan du egungo egoera ekonomikoa ere, horregatik lehen urtearen kostuen bataz bestekoak argitaratu ditu. Unibertsitate batetik bestera, matrikula eta ikasturteko gastuak ordaintzerako orduan alde nahikotxo dagoela  azalduz. 

Kosturik merkeena daukan unibertsitatea EHU dela esango genuke, lehen urteko gastuaren bataz bestekoa 980€ izanik. EHUri jarraiki Nafarroako Unibertsitate Publikoa daukagu 1.049€tako ordainketarekin. Gainontzeko unibertsitateek ordea alde nabarmena ateratzen die unibertsitate hauei.  Mondragonen, lehen urteak 4.960€tako gastua suposatzen du bataz bestez, Deustuk  6.535€takoa etaNafarroako Unibertsitateak 8.244€takoa.


No hay comentarios:

Publicar un comentario